Mendieta ontziola (Lekeitio). Aurretiko ikerkertak

Industria-arkeologia Lekeition.

Urtea: 2020

Ministerio de Cultura y Deporte. Gobierno de España.

Enpresa hauekin egindako lana: Ondare Babesa, Arrizabalaga Arquitectos eta Ingune.

Mendieta ontziola euskal kultur ondarearen ondasunik nabarmenenetako bat da, oro har, eta itsas ondarearen ondasunik nabarmenenetako bat, bereziki. Kantauriko kostaldean kontserbatzen den erriberako ontziolaren adibiderik esanguratsuenetakoa da. Horregatik dago monumentu izendatuta eta Espainiako Estatuko Industria Ondarearen Plan Nazionalean sartuta. Are gehiago, aparteko multzo baten parte da: Lea ibaiko industri aurreko adimenena. Paisaia konplexua da, eta egitura hidraulikoak, burdinolak, errotak, portu-instalazioak, bideak eta zubiak ditu ezaugarri. Hain zuzen ere, ibilguaren bokalean amaitzen da paisaia hori, eta itsas jarduera handia izan zen bertan. Mendieta familiaren kasuan, mende bat baino gehiago iraun zuen jarduera horrek, 1862tik 1993an ontziola itxi zen arte.

2016az geroztik, instalazioak babesteko jarduketak egiten ari dira. Hala, urte horretan eraikinaren nabe nagusia zurkaiztu zen; 2018an, berriz, alboko nabeak zurkaiztu ziren, eta atxikitako eraikinaren barruko hondakinak kendu ziren. 2020az geroztik, berriz, estalkia birgaitzeko eta egitura sendotzeko lanei ekin zaie. Lan guzti horiek beren kultura-balioak errespetatzen dituztela bermatzeko, erakundeek aurretiko azterlan batzuk sustatu dituzte, hala nola zundaketa geologikoak eta arkeologikoak, zurezko egituraren azterketa, ondare higigarriaren katalogazioa eta eraiki-materialen karakterizazioa. Hainbat fasetan egindako lan horiek Espainiako Gobernuko Kultura eta Kirol Ministerioak, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Lekeitioko Udalak finantzatu dituzte.

Bi eremuk osatzen dute ontziola: lanerako espazioa eta Mendieta familiaren etxebizitza. Lanerako gunea multzoaren hegoaldean dago, eta kareharrizko bi arrapala ditu. Goikoa 1940ko hamarkadan eraiki zen eta ia Isuntza zubiraino luzatzen da. Behekoa –askoz zaharragoa, 1862ko jatorrizko instalazioen zati izan baitzen– ekoizpen-nabearen plataforma da. Teilazko estalkia duen egurrezko tinglatu batekin babesten da, eraikuntzako elementurik ikusgarriena. Bi ilaratan jarritako 14 zutoinetan bermatutzen da estalpe hori, baina ez modu hertsiki paraleloan. Zurezko tinglatu honen altxaeren irakurketa estratigrafikoari esker, bost fase identifikatu dira, eraikinaren eraikuntza-bilakaerarekin bat datozenak eta 1913tik 1970era bitartekoak.

 

Arkeologiak ontziolaren funtzionamendua ulertzeko aukera eman digu: eraikin bizia da, ekoizpenaren beharretara, bertan eraikitzen eta konpontzen ziren nabeen tamainara eta une bakoitzean erabiltzen ziren tresna eta tekniketara egokitzeko eraldatzen zena.

 

Egitura ontzigintzatik berraprobetxatutako piezez egina dago, hala nola txantiloiak, baina baita ukuiluak, trankanilak, mastak, kodasteak eta kontrakillak ere, zutoin eta zertxei lotzen zaizkienak mihiztadura sinple eta behin-behinekoen bidez. Teknika hori, itxuraz inprobisatua, instalazioak ontzien tipologia desberdinen fabrikaziora etengabe egokitzearen emaitza da, eta ez du parekorik Kantauriko beste ontziola batzuetan, Mendieta tipologiari dagokionez ale bakarra bihurtuz.

Argazkia: Ondare Babesa

AGAMIT Leg. 15.445 (1887)

Bestalde, Mendieta familiaren etxebizitza (2007an izandako sutearen ondorioz ia suntsituta) instalazioen iparraldean zegoen. 1917an eraiki zen ontziolaren espazio osagarri baten gainean: ur-putzu handi bat, uhate-sistema baten bidez, itsasadarreko urez betetzen zena. Zurezko piezak uzten ziren bertan, baldintza egokietan gordetzeko, ontzigintzan erabili arte. Egindako arkeologia-lanek egiaztatu dute espazio hori badagoela, orain arte dokumentazioan eta ahozko testigantzetan baino ezagutzen ez zena.

 

Mendieta Astilleroan egindako arkeologia industrialeko lanak ezagutzaren aurrerapena baino askoz gehiago dira: ondasun horren balio eta interes kulturala ulertzeko oinarririk onena dira, eta ontziola babesteko eta kudeatzeko erabakiak hartzen lagunduko dute.

Bibliografia