Bisita gidatuak Ondarea paperean erakusketara
Argazkia: Amaia Apraiz
Bidaia bat denboran, Bizkaiko memoria idatzian barrena
2018-2019 urteak
Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara eta Kultura Saileko Kultura Ondarearen zerbitzua.
Bizkaiko Foru Aldundiak Ondare Kulturalaren Europar Urtea dela-eta antolatutako jardueren barruan kokatzen dira “Ondarea paperean” erakusketarako bisita gidatuak. Ondarea, iraganak etorkizunarekin bat egiten duen gunea europar leloari jarraituz, denboran zeharreko bidaia bat egingo dugu Bizkaiko memoria idatziaren bitartez, hasi erromatarren garaiko esteletatik eta etorkizunaren ikur diren dokumentu digitalizatuetaraino. Eta hori guztia Bizkaiko Foru Liburutegian eta Artxiboan gordeta dauden altxor ezkutuen parte txiki-txiki bat erakutsiz; objektu horien balio kulturala beren baitan duten informazio historikoaz haratago doa. Aukera ezin hobea da gure Lurralde Historikoan gutxien ezagutzen den ondarea ezagutzeko.