Gaur Zallako La Mella auzora hurbildu gara, Jasokundearen eta San Antonio Paduakoaren kapera beste begirada batekin ezagutzera. Ondarearen Europako Jardunaldiek kultur ondarearen eta hezkuntzaren arteko harremanei buruz hausnartzeko egindako gonbidapena aprobetxatuz, kupulari begiratzean zenbat gauza ikas daitezkeen galdetu diogu geure buruari. Eta alde batera utzi nahi izan ditugu begi-bistakoenak, edozein bisitatan aipatu ohi direnak: datu historikoak, estilo artistikoaren deskribapena, eraikuntzarekin batera gertatu ziren gorabeherak. Nahiago izan dugu erronka bat planteatu: XVIII. mendeko kupula batek ezagutza zientifikoak transmitzerik al dauka?

José Luis Ruiz eta Annibal González de Rianchori esker jakin dugu baietz, kapera txiki honen hormak eta nerbioak printzipio fisikoei esker mantentzen direla. Era berean, ulertu ahal izan dugu zer-nolako garrantzia duten prozesu kimikoek harria eta zura kontserbatzeko. Eta geometriari buruzko ezagutza sakonik gabe ez zela posible izango estaltzen duen diseinu dotorea.

Are gehiago: ikasi dugu XVIII. mendean zenbakiek kupula bati eutsi ziotela, eta XXI. mendean zenbaki horiek berak laguntzen ari direla kupula hori gordetzen eta etorkizuneko belaunaldientzat mantentzen.

Prebentzio eta segurtasun neurri guztiak betez, 30 pertsona baino gehiagok ikusi dute La Mella kapera enegarren potentzian. Errepikatzeko moduko bisita!